Ez zaudete bakarrik

Informazio pila jaso dugu, antzutasunari buruz zure zalantza eta kezka guztiak argitzeko. Baina edozein galdera egin nahi izanez gero idatziguzu beheran agertzen den helbidera eta 24 ordu baino lehen gure adituek erantzungo dizuete

Antzutasun arazoak edonola konpontzen dituztela ere, bikoteek arazoaz jabetzen direnetik irtenbidea topatu arte zenbait fase igaro behar direla jakin behar dute. Fase bakoitzak bere arazoak eta ardura emozionalak eragiten ditu. Hori onartzeak eta jakiteak, bai eta fase guztietatik igarotzeko pazientzia izateak irtenbide egokiena aurkitzeko aukera ematen dio bikoteari.

Bikote orok ugalkorra dela eta nahi duenean haurdunaldia lortuko duela uste du. Hainbat hilabetez edo urtez saiatu ondoren, seme-alabarik ez dutela izango ulertzeak eta onartzeak harridura eta atsekabea eragiten ditu. Antzutasunaren eta seme-alabarik gabeko bizitzaren ideia hain izan daiteke mingarria, ezen arazoa ezeztatzea eragin baitezake. Fase horretan, AHOLKULARITZA, tratamenduaren eta asistentziaren elementu garrantzitsua da. Bikoteek aukera izan behar dute beren arazoak ulertu eta ezagutuko dituzten pertsonekin euren sentimenduez hitz egiteko. Lasaitzen laguntzeaz gain, probak gogorrak izan arren, fase hau tratamendu egokiena aukeratzeko nahitaezkoa dela jakinarazi behar zaie bikoteei. Askotan Laguntza Taldeek eta Esperientziadun Aholkulariek berebiziko garrantzia dute.

Bikote bat hainbat arrazoik bultzatuta joan daiteke Laguntza Bidezko Ugalketako unitatera (URA) kontsulta egitera; baina, hara jotzea erabaki duenean, aldez aurretik arazo bat dagoela jabetu da. Arazoa jarraian aipatzen direnen ondorio izan daiteke:

  • Lehen haurdunaldia lortzeko ezintasuna (lehen mailako antzutasuna)
  • Aurreko haurdunalditik bi urte igaro direnean haurdunaldia lortzeko ezintasuna (bigarren mailako antzutasuna)
  • Haurdunaldiak aurrera eramateko ezintasuna (abortu errepikatuak, emankortasun eza)
  • Haurdunaldia ezinezko edo ez gomendagarria egiten duten gaixotasunak diagnostikatu izana
  • Gizonezko bikoterik izan gabe seme-alabak izan nahi dituzten emakumeak
  • Beste batzuk.

Antzutasunaren edo emankortasun ezaren diagnosia bikote baten bizitzako gertakari estresagarriena izan daiteke, eta bikotearen bizitza desegonkortu eta hainbat emozio eragin ditzake (shocka, arazoa ukatzea, errudun sentimendua, bikotekideari arazoaren errua botatzea, amorrua, inbidia, bizi den egoeraren eta sentitzen diren emozioen ondoriozko lotsa, gizarte isolamendua, jaioberri eta haurrekin zerikusia duen guztiarekiko fobia eta abar).

Seme-alabak izateko gaitasunik ez duen emakume batek heldugabe edo osatu gabe ikus dezake bere burua. Gizonezkoetan, aldiz, aitatasuna, ugaltzeko gaitasuna, gizontasunarekin lotzen da. Zenbait bikotek dio seme-alabak ez izateagatik haien gurasoek seme-alaba gisa ikusiko dituztela beti eta gizarteak ez duela bikotea “familia”tzat joko.

Laburbilduz, antzutasunaren edo emankortasun ezaren diagnosiak (arazoaren jatorria dena delakoa eta ezintasuna edozein bikotekidek daramala) identitate pertsonal, familiar eta sozialaren aldaketa eragiten du; horrek krisia, aldaketa eta hainbat nahigabe dakar bikotearen bizitzara.

Aipatu ditugun arrazoiengatik eta jarraian aipatuko ditugun beste zenbait arrazoirengatik, antzutasun arazoari aurre egiteko laguntza bila datorren bikoteak topatu behar duen laguntzetan psikologikoak lehenetarikoa izan behar du. Gizakia gorputza eta burua biltzen dituen multzo haustezina da, burua eta gorputza elkarrekintza etengabean. Eta horrek bikoteari ezinegon psikologikoa murrizten eta tratamenduaren faseari aurre egiteko prestatzen laguntzen dio.

Une honetan “emankortasuna” da zenbaitetan bikotearen bizitzaren gidaria. Tentsio goreneko unea da, tratamendua fisikoki eta emozionalki akigarria izan baitaiteke. Emozio gorabehera ugari dago fase honetan. Tratamenduaren hasieran, urduritasun ugari eta arrakasta-itxaropen asko dago; horren ondoren, haurdunaldirik lortzen ez bada, etsipena eta atsekabea hel daitezke.

Fase honetan sexu-harremanak errutinazko ekintza bihur daitezke, bai eta zenbait bikoterentzat gudu eta emozio negatiboetarako zelai.

Antzutasunaren arrazoia nolakoa, halakoa izango da tratamendu fasearen iraupena. Zenbait tratamendu zikloren ondoren haurdunaldirik lortu ez duten bikoteek aurrera egiteko erabakia nahi eta behar indibidualen arabera hartuko dute; betiere, medikuaren eta psikologoaren aholkuak entzun ostean. Askotan, prozesu terapeutiko ebolutibo baten menpe dago arrakasta, eta bikoteak hori jakin eta ulertu behar du.

Irtenbiderik gabeko arazoak gero eta gutxiago badira ere, irtenbidea ez da beti bikotearen beraren gametoekin (obozito eta espermatozoideak) etorriko. Obulutegi-urritasun kasuetan (menopausia goiztiarra, 40 urtetik gorako emakumeak, gonadotrofina bidezko suspertzeak emaitzarik ematen ez duenean), beste teknika batzuek porrot egin dutenean, herentziazko gaixotasunak tarteko direnean eta azoospermia jariatzailea dagoen kasuetan, emaileen obozito, espermatozoide eta enbrioiei esker lor daiteke haurdunaldia.

Jakina, ez da erabaki erraza izaten, are gehiago gogoan badugu zein zaila den obuluak edo aurreenbrioiak emateko prest eta kontzientziatuta dauden emakume gazteak aurkitzea (ahal dela 30 urte baino gutxiagokoak).

Horrexegatik eta Laguntza Bidezko Ugalketako unitatera datozen bikoteen nahia gogoan izanda, lagunarteko eta familiako emakumeei obozitoak eman ditzaten animatzeko aukera baliatzen dugu. Agian hori ez da zuen kasurako aukera terapeutikorik onena, baina ziur egon zaitezkete beste bikote batek eskertuko dizuela. Porrot egiten duten ugalketa zikloak jasan behar izanez gero, ugalkortasun terapiak bikoteengan etsipena eta desilusioa eragin dezakeela ikusi ahal izan dugu atal honetan. Ziklo berri bakoitza itxaropen, urduritasun eta pozez gainezka hasten da; baina porrot bakoitzak irrikatzen zen haurraren galeraren ondoriozko dolua dakar berarekin, kontrola galdu denaren sentimendua, etsipena eta norberak huts egin duenaren sentsazioa. Erantzun emozional horiek, horien maiztasuna eta indarra norberak frustrazioari eta estres kronikoari aurre egiteko duen gaitasunarekin lotuta daude, bai eta beste zenbait faktoreri ere; esaterako, norberaren izaerari, historia pertsonalari eta familiarrari.

Zenbait hutsegiteren ostean, bikoteak tratamenduarekin jarraitzea edo bertan behera uztea erabaki beharko du. Bikote askotan, tratamendua uztearen erabakiarekin batera atsekabea, hutsik sentitzea, tristezia, akitzea datoz, bai eta zenbaitetan, lasaitasuna ere. Hala ere, erabakia hartzen dutenean, euren lehentasunak antolatzeko eta helburuak aldatzeko tartea hartzen dute bikoteek.

Zenbait kasutan, “oporraldi antzeko bat” izango da tratamendua uzteko erabakia, geroago jarraitzeko asmoa izango baitute; beste zenbaitetan, haur bat adoptatzeko erabakia hartuko dute bikoteek; eta bestetan, seme-alabarik gabe bizitzeko erabakia hartuko dute. Baina ez duzue inola ere ahaztu behar bide berri latz hori elkarrekin egin behar duzuela; tratamendua bikotearena da, ez bikotekideetako bakar batena, eta ahal dela elkarrekin egin beharko dizkiozue medikuari bisita guztiak.

Elkarrekin hitz egiteko eta komunikatzeko ohitura hartu behar duzue eta jakin ezazue amorrua, etsipena eta antsietatea normalak direla eta elkarren laguntzak sentimenduok gainditzen lagunduko dizuela. Emankortasunari buruz ahalik eta gehien irakurtzea komeni zaizue eta antzeko arazoak izan dituzten pertsonekin hitz egitea. Tristezia eta antsietatea zilegi dira, baina ez dituzte zuen bizitzak geldiarazi behar; zuen ingurukoekin (lagunak, familia, laguntza taldeak) zuen sentimenduez hitz egin behar duzue eta, batez ere, gogoratu EZ ZAUDETELA BAKARRIK.

Batzuetan, beranduegi jotzen da Laguntza Psikologikora. Beldurra eta mesfidantza izaten dira psikologoarekiko; mehatxu gisa ikusi izaten da zenbaitetan norberaren bizitzako alderdi barnekoenak arakatzen dituelako. Beste zenbaitetan, Laguntza bidezko Ugalketako tratamenduaren finantza eragina dela eta, azken unerako uzten da psikologoaren kontsulta terapeutikoa, gauzak ondo irten ez diren unerako, betiere, geratzen den indar, gogo eta diruaren arabera.

Ikerketa zientifiko berriek agerian utzi dute Laguntza bidezko Ugalketako tratamenduan dauden eta Laguntza Psikologikoa jasotzen duten emakumeek Laguntza Psikologikoa jasotzen ez dutenek baino haurdunaldi gehiago lortzen dutela. Beraz, huts larria da laguntza psikologikoa azken momentorako uztea; izan ere, prebentzio lana da kasu hauetarako egokiena.

Gainera, tratamenduak bikotea are gehiago batu eta emozionalki indartu dezake; baliteke horrekin pertsona sendoagoak, sakonagoak eta zoriontsuagoak bilakatzea, zailtasunei aurre egiteko gaitasun handiagoa lortzea, bizitzarekiko eta izatearekiko jarrera berri bat sortzea. Horretara heltzea tratamendu psikologiko egokia jasotzearen menpe egon ohi da.

Antzutasunean eta Laguntza bidezko Ugalketako tratamenduetan faktore emozional multzo handi batek parte hartzen duela frogatua dago. Beraz, nahitaezkoa da bikotearen eta sexualitatearen esparruan ezagutza zabala izateaz gain, Antzutasunaren eta Laguntza Bidezko Ugalketaren Psikologian espezializatutako Psikologiako Profesionalak eskura izatea.

Arazo horien jakitun izanik eta ardura hartuta, Quironsalud – Laguntza bidezko Ugalketak, LAGUNTZA PERTSONALIZATUA, OSOA ETA KALITATE ONENEKOA emateko nahiak bultzatuta, ginekologia, andrologia eta laborategi zerbitzuez gain… LAGUNTZA PSIKOLOGIKOA ere eskaintzen du bere zerbitzuen artean.

Programa horren helburu nagusia pertsonari, gorputza eta burua biltzen dituen multzo haustezin horri, laguntza osoa ematea da, egonkortasun eta zoriontasuna lortzeko.

Hona hemen helburu zehatzak:

Harrera eta laguntza psikologikoa: gure helburua pazienteei Laguntza Bidezko Ugalketako unitatera ongietorria ematea da, bai eta oinarrizko behar psikologikoak betetzea ere.

Aholkularitza psikologikoa: toki bat eskaintzea da helburua, bikoteari hitz egiteko eta adituak izateko, zalantzak, beldurrak, kezkak adierazteko, informazioa eskatzeko, erabakiak hartzeko eta abarrerako. Izan ere, zaila gertatzen da, batzuetan, medikuaren, familiaren edota lagunen aurrean halakorik egitea.

Antzutasun-diagnosiaren ondorioei aurre egitea: arazoari banaka eta bikotean egingo zaio aurre, beharra nolakoa den. Diagnosi honen aurrean sarrien sortzen diren emozioak amorrua, ezintasuna, frustrazioa, tristezia eta abar izaten dira.

Banakoaren eta bikotearen arazo psikologikoen prebentzioa: estresa, antsietatea, pentsamendu obsesiboak, lorik eza, bikotea ez ulertzea, komunikazio arazoak, arazoak sexu-harremanetan eta abar.

Jasan daitezkeen estres-egoerei aurre egiteko teknikak ikastea:

  • Arazoen konponketan trebatzea
  • Asertibitatean eta trebetasun sozialetan trebatzea
  • Emozioak adieraztea eta gizartean laguntzak bilatzea
  • Pentsamendu irrazionalei aurre egiten jakitea
  • Aldaketa emozionalak eta fisikoak kontrolatzea
  • Norberaren kontrol pertsonala eta soziala indartzea
  • Autoestimua indartzea
  • Lasaitzeko hainbat teknikatan trebatzea
  • Beste zenbait

Tratamendu psikoterapeutiko eta farmakologikoa: ugalketa tratamenduaren zikloan zehar sor daitezkeen beharrak, arazoak eta gertakariak nolakoak, halakoa izango da tratamendua.

Tratamendua ematen duen ginekologoarentzako laguntza, pazienteekin duen harremana hobetzeko: medikuaren, pazientearen eta bikotearen arteko komunikazio eta ulermen hobea lortzeko oinarriak.

Antzutasunak eta Laguntza Bidezko Ugalketak eskatzen duten laguntza psikologikoa bikote bakoitzaren beharren eta Ugalketa Terapian duten egoeraren araberakoa da, bai eta atseden hartzea edota bide berriak probatzea erabaki duten bikoteentzat ere. Norberaren beharrei egokituko zaie esku hartze psikoterapeutikoa. Laguntza Psikologikoko Oinarrizko Programaren adibide bat aurkeztuko dugu jarraian:

  • Harrera eta informazio fasea: Laguntza Bidezko Ugalketako unitatean diagnosi eta tratamendu prozesuari hasiera ematen dioten bikoteekin 2 kontsulta egingo dira.
  • Diagnosi fasea: Diagnosi-probak egiten diren bitartean kontsulta bat izango dute pazienteek eta diagnosiaren eragina baloratzeko beste bi kontsulta.
  • Tratamendu fasea: tratamendua hartzen den bitartean kontsulta bat eskainiko da, eta bi kontsulta emaitzen zain dagoen bikotea prestatzeko.
  • Emaitza eta bikotearen egoera nolakoa, bikoteak Laguntza Psikologikorako Zerbitzuarekin kontsultak egiten jarraitzea ala ez erabakiko du. Bikoteak, betiere, etorkizunean kontsultarik egin nahi badu, aukera hori izango du.

Orain arte ikusi ahal izan dugun bezala, antzutasunaren esperientzia esperientzia mingarria da fisikoki eta psikologikoki. Hainbat diagnosi proba eta ugalketa terapia jarraitzeak ezinegon fisikoa eragin dezake pazienteengan eta bereziki emakumeengan; izan ere, haiek jasaten dute tratamendua. Norberaren izaera eta barne indarrak eragin handia du ezinegon horren mailan. Baina ezinegon handiena ugalketa-terapian tarte diren egoera emozionalen efektu negatiboek eragiten dute; esaterako, muturreko antsietateak, depresioak, estres kronikoak edo sakonak, isolamenduak, sexu-harremanetako arazoek eta bikotearen orekaren hausturak. Baina gogoan izan behar duzue une orotan EZ ZAUDETELA BAKARRIK eta nahi izanez gero, guregana jo dezakezuela.