FIVTE In Vitro Ernalketa eta Enbrioi-Transferentzia.

Teknika honek 1978. urtean ugalketa-medikuntzaren iraultza eragin zuen.

Ingalaterran sortu zen Edwars eta Steptoe doktoreen eskutik. Louise Brown-en jaiotzak medikuntza eta gizarte guztia astindu zituen. Hizkera arruntean eman zitzaion izenak (“test-tube baby”) enbrioia emakumezkoaren aparatu genitaletik kanpo sortu izana azpimarratu nahi zuen; izan ere, artean imajinaezina zen halako zerbait. Haurdunaldi ektopikoak izan zituztelako tronpa biak erauziak (bi aldetako salpingektomia) zituzten emakumeak, hau da, garai batean ugalkorrak izan arren antzu geratu ziren emakumeak haurdun gelditzea lortzeko erabili zen In Vitro Ernalketa hasieran. Gaur egun, In Vitro Ernalketa hainbat kasu gehiagotan erabiltzen da, hala nola, gizonezkoen faktore ertainak eta larriak gainditzeko.

Egokiespenak:

  • Faktore tubarikoa (buxadura tubarikoa).
  • Hodi-atxikidura faktorea (atxikidura sindromea).
  • Endometriosi ertaina eta larria.
  • Aurretik Falopioren Tronpetan ebakuntza kirurgikoa izan bada (salpingektomiak).
  • Gizonezko-faktore ertaina eta larria.
  • Obozito emate teknikak.

Desegokiespenak:

  • Gizonezko faktore larria, esperma suspertzea 1,5 milioi espermatozoide mugikor baino gutxiagokoa bada.
  • Faktore immunologiko larria.
  • Obulutegien erreserba funtzional eza.

Teknika:

Lehen Fasea: Obulutegien estimulazioa (obulutegien hiperestimulazio neurtua)

In Vitro Ernalketa ez da obulatze-ziklo naturalekin egin behar; izan ere, obozito bakarra lortuko genuke horrela eta haurdunaldia lortzeko aukera oso pobrea izango litzateke. Obulazioa eragiteko hainbat eta hainbat eskema terapeutiko dago, eta azkenik nahiko bateratu badira ere, talde bakoitzak emaitza onenak ekarri dizkion eskema terapeutikoa darabil. Eskema horien guztien helburua folikuluen garapen egokia eta ahal den folikulu gehien lortzea da. Folikulu batzuetatik ernaltzeko gai diren eta metafase II fasean dauden obozitoak lortu ahal izango dira.

Gaur egun, obulazioa eragiteko onarpen zabalena lortu duen botika jatorri errekonbinanteko FSHa da, Step-down ereduari jarraituz hartu behar dena (dosia gutxituz). Halaber, fase horretan hipofisektomia farmakologikoa egin beharko da GnRHaren analogoak edo antagonistak erabiliz.

Botika horiek, oro har, larruazalpeko injekzio bidez ematen dira, eta normalean, pazienteak berak ipintzen ditu (hori nola egin ikasita). Fase horretan bost bat kontrol kliniko egiten dira, 17-ß estradiolak odolean ematen dituen neurriak aztertzeko eta folikuluen garapena ekografia bidez kontrolatzeko. Obulutegiko folikulu gehienek 19-21 milimetro artean dutela egiaztatzen denean, obulazioa eragiteko faseari amaiera emango zaio eta HCG emango zaio larruazalpetik, obozitoak hartu baino 36 ordu lehenago.

Técnica FIVTE

Bigarren fasea: Obozitoak hartzea

Ebakuntza-gela batean edota kirurgiarako egokitutako gela batean folikuluen ziztada-xurgapena egin behar da, folikuluen xurgatze- eta garbitze-sistema baten bidez eta zunda baginal ekografiko bat erabiliz. Ekintza kirurgiko horrek, laburra izanik ere, nolabaiteko anestesia eskatzen du (ahal dela tokiko anestesia edo lasaigarri bat). Pazienteak ez du ospitalean lo egin behar. Folikulu-likido hori laborategiko enbriologoak aztertuko du; ziztadan lortutako obozitoak mikroskopioarekin identifikatu, isolatu eta heltze-mailaren arabera sailkatuko ditu. Bestalde, bigarren fase horretan gizonezkoak esperma lagin bat lortu behar du, esperma hori ondoren gaitzeko.

Hirugarren Fasea: In Vitro Ernalketarako Laborategia

Behin obozitoak identifikatuta, prozesatu egin behar dira; gero, gaitutako espermatozoideekin batera kultibo plaka batzuetan jarriko dira. Ondoren, kultibo plaka hauek emakumearen ugaltze-aparatuan dauden baldintzak imitatzen dituen inkubagailu batean gorde behar dira.

Laugarren fasea: Enbrioiak transferitzea

Enbrioiak umetoki-lepotik sartu eta umetokiaren hondotik 1,5 cm-ra jarri behar dira. Horretarako, enbrioiak transferitzeko kateter berezi bat erabiltzen da, material oso malguaz egina, umetokian kalterik egin ez dezan. Gehienez 3 enbrioi transferi daitezke.

Prozesu honetan pazienteak ez du analgesiarik behar, baina, hala ere, Ugalketa Laborategitik hurbil egongo den kirurgia-area batean egin beharko da prozesua. Ebakuntza-gelan ordu erdiz geldirik egon beharko du pazienteak eta ondoren, 24 orduz guztiz geldirik egon beharko du bere etxean.

Fase luteoan beharrezkoa da progesterona mikronizatuaren laguntza, eta bagina bidez emango zaio.

Transferentzia ostean 14 egun igaro direnean, pazienteak hilekorik izan ez badu, haurdunaldiaren testa egingo du (gernua aztertuz). Transferitu nahi den enbrioi kopurua baino kalitate egokiko enbrioi gehiago badaude, izoztu egingo dira horiek ondorengo saiakeretan transferitu ahal izateko.

GAUR EGUN, enbrioiak sortu, bitrifikatu eta transferentzia atzeratzea gomendatzen zaie paziente hauei. Horrela giro hormonala egokiagoa da (estrogenoak, progesterona…), haurdunaldia lortzeko aukerak areagotuz, ia bikoiztera iritsi arte. Gaur egungo laugarren fasea:

  • Enbrioiak Bitrifikatu
  • Endometrioa prestatu
  • Enbrioien transferentzia

Emaitzak:

Gutxienez enbrioi baten transferentzia egiteko probabilitatea % 85koa da. Ziklo bakoitzeko haurdunaldi-tasa % 21 inguruan dago, transferitutako enbrioi kopuruaren arabera. Ehuneko hau ia %44era handitu daiteke transferentzia atzeratzen bada.

Eragozpenak:

  • Lortutako haurdunaldien % 14a anizkoitza da.
  • Kiste anitzeko obulutegiaren sindromea duten pazienteen artean, obulutegiaren hiperestimulazio sindromea gertatu izan da (kasuen % 1a).
  • Behin eta berriro huts egiteak kalte psikologikoa eragin dezake.
feto