Enbrioi Bitrifikatuen Transferentzia

Enbrioiak izoztuta gordetzeko teknikak

1983an prozedura hau erabiliz lehen haurdunaldia lortu zenetik, izoztuta gordetzeko teknikak nabarmen garatu dira. Orain arte, enbrioi izoztuetatik jaiotako haurrek asaldura edo anomalia gehiago dutela aditzera ematen duen daturik ez dago.

Gaur egun, enbrioiak garapen fase ezberdinetan gorde daitezke izoztuta: bi pronukleoko fasetik (ernalkuntzatik 24 ordu igaro direnean), blastozisto fasera (enbrioiak 5-6 egun dituenean). Edonola ere, prozedura honetan kalitate oneko enbrioiak bakarrik aukeratzen dira.

Egokiespenak

  • Enbrioien transferentzia atzeratzea.
  • Ziklo batean soberan dauden enbrioiak. Batezbeste 10-12 obozito lortzen dira in vitro ernalkuntzako ziklo batean pazientearen obulutegiak suspertzeko tratamenduarekin. Horietatik 6-8tan lortzen da ernalkuntza egokia. Umetokian 3 enbrioi jartzen zaizkio emakumeari gehienez eta soberan geratzen diren enbrioiak, kalitate egokia badute, izoztuta gorde daitezke.

Bitrifikatutako enbrioiak jasotzeko prestakuntza

Pazientearen egoeraren arabera, transferentzia ziklo naturaletan ala kontrolpeko zikloetan egin daiteke. Oro har, emaitza hobeak azken horietan lortzen dira, endometrioaren garapenaren kontrola hobea delako.

Halaber, tratamendu honetan GnRHaren analogo dosi bakarra jartzen da, emakumearen hipofisiaren funtzioa kentzeko (era itzulgarri batean). Gero, ahotiko medikamendu bat (Estradiola) hartzen du. Ekografia bidez endometrioaren lodiera ondo dagoela ziurtatzen denean Progesterona gehitzen da tratamendura eta enbrioien transferentzia antolatzen da (oso erraza da eta ez du kirurgiaren beharrik).

Gaur Egun

Legeak izoztutako aurreenbrioientzat erabilera hauek jotzen ditu bidezkotzat:

  • Emakumeak berak edo bere ezkontideak erabiltzea.
  • Ugalketa helburuaz ematea.
  • Ikertzeko helburuaz ematea.
  • Inolako erabilerarik eman gabe gordetzeari uztea. Hori gertatuko da enbrioiak gordetzeko legeak ezartzen duen gehienezko epea amaitu eta aipatu berriak ditugun helburuetarako erabiliak izan ez direnean.

 

reproducción asistida