ROPA Bikotearen Obulu Harrera

Bi emakumez osatutako bikotea Laguntza Bidezko Ugalketaren Legeak bikote heterosexual batekin berdintzen du. Bikoteko emakume batek obulutegiaren hutsegitea badu (obulurik ez), bere bikoteak eman diezazkioke, haurdun gelditu dadin. Horrela bat obulu-emailea izango da eta bestea hartzailea, elkarrekin eginiko tratamendua da:

  • Bikoteko emakume batek obuluak ematen ditu, eta emakume honi obulutegiaren hiperestimulazio neurtua egin behar zaio.
  • Bikoteko beste emakumea haurdun gelditu daiteke, endometrioa prestatu ondoren eta enbrioiak jaso eta gero.

Legez obulu-ematea anonimoa denez, Espainian ROPA teknika emakume ezkonduetan bakarrik baimentzen da, salbuespen legala izanik.

Teknika:

Gametoa ematen duen emakumea

Lehen Fasea: Obulutegien estimulazioa (obulutegien hiperestimulazio neurtua)

In Vitro Ernalketa ez da obulatze ziklo naturalekin egin behar; izan ere, obozito bakarra lortuko genuke horrela eta haurdunaldia lortzeko aukera oso pobrea izango litzateke. Obulazioa eragiteko hainbat eta hainbat eskema terapeutiko dago, eta azkenik nahiko bateratu badira ere, talde bakoitzak emaitza onenak ekarri dizkion eskema terapeutikoa darabil. Eskema horien guztien helburua folikuluen garapen egokia eta ahal den folikulu gehien lortzea da. Folikulu batzuetatik ernaltzeko gai diren eta metafase II fasean dauden obozitoak lortu ahal izango dira.
Gaur egun, obulazioa eragiteko onarpen zabalena lortu duen botika jatorri errekonbinanteko FSHa da, Step-down ereduari jarraituz hartu behar dena (dosia gutxituz). Halaber, fase horretan hipofisektomia farmakologikoa egin beharko da GnRHaren analogoak edo antagonistak erabiliz.
Botika horiek, oro har, larruazalpeko injekzio bidez ematen dira, eta normalean, pazienteak berak ipintzen ditu (hori nola egin ikasita). Fase horretan bost bat kontrol kliniko egiten dira, 17 ß-estradiolak odolean ematen dituen neurriak aztertzeko eta folikuluen garapena ekografia bidez kontrolatzeko. Obulutegiko folikulu gehienek 19-21 milimetro artean dutela egiaztatzen denean, obulazioa eragiteko faseari amaiera emango zaio eta HCG emango zaio larruazalpetik, obozitoak hartu baino 36 ordu lehenago.

Bigarren fasea: Obozitoak hartzea

Ebakuntza-gela batean edota kirurgiarako egokitutako gela batean folikuluen ziztada-xurgapena egin behar da, folikuluen xurgatze- eta garbitze-sistema baten bidez eta zunda baginal ekografiko bat erabiliz. Ekintza kirurgiko horrek, laburra izanik ere, nolabaiteko anestesia eskatzen du (ahal dela tokiko anestesia edo lasaigarri bat). Pazienteak ez du ospitalean lo egin behar. Folikulu-likido hori laborategiko enbriologoak aztertuko du; ziztadan lortutako obozitoak mikroskopioarekin identifikatu, isolatu eta heltze mailaren arabera sailkatuko ditu. Bestalde, bigarren fase horretan emaile baten esperma lagina gaitu behar da.

Hirugarren Fasea: In Vitro Ernalketarako Laborategia

Behin obozitoak identifikatuta, prozesatu egin behar dira; gero, gaitutako espermatozoideekin batera kultibo plaka batzuetan jarriko dira. Ondoren, kultibo plaka hauek emakumearen ugaltze-aparatuan dauden baldintzak imitatzen dituen inkubagailu batean gorde behar dira.

Haurdun geldituko den emakumea

Enbrioi-transferentziak ziklo naturaletan nahiz neurtuetan egin daitezke, pazientearen egoeraren arabera. Ziklo neurtuetan, orokorrean emaitza hobeak lortzen dira, endometrioaren (haurdunaldia hartuko duen umetokiaren barneko azala) garapenaren kontrol hobea baitugu. Tratamendu honetan GnRHaren analogo dosi bakarra jartzen da, emakumearen hipofisiaren funtzioa kentzeko (era itzulgarri batean). Gero ahotiko medikamentu bat (Estradiol) hartzen du. Ekografia bidez endometrioaren lodiera ondo dagoela ziurtatzen denean, Progesterona gehitzen da tratamendura eta enbrioien transferentzia antolatzen da (oso erraza da eta ez du kirurgiaren beharrik).

Enbrioiak transferitzea

Enbrioiak umetoki-lepotik sartu eta umetokiaren hondotik 1,5 cm-ra jarri behar dira. Horretarako, enbrioiak transferitzeko kateter berezi bat erabiltzen da, material oso malguaz egina, umetokian kalterik egin ez dezan. Gehienez 3 enbrioi transferitu daitezke.

Prozesu honetan pazienteak ez du analgesiarik behar, baina, hala ere, Ugalketa Laborategitik hurbil egongo den kirurgia-area batean egin beharko da prozesua. Ebakuntza-gelan ordu erdiz geldirik egon beharko du pazienteak eta ondoren, 24 orduz guztiz geldirik egon beharko du bere etxean.

Fase luteoan beharrezkoa da progesterona mikronizatuaren laguntza, eta bagina bidez emango zaio.

Transferentzia ostean 14 egun igaro direnean, pazienteak hilekorik izan ez badu, haurdunaldiaren testa egingo zaio (odol analisi baten bitartez).

Transferitu nahi den enbrioi kopurua baino kalitate egokiko enbrioi gehiago badaude, izoztu egingo dira horiek ondorengo saiakeretan transferitu ahal izateko.

Emaitzak

Gutxienez enbrioi baten transferentzia egiteko probabilitatea % 92koa da. Ziklo bakoitzeko haurdunaldi tasa % 39 inguruan dago, gametoa ematen duen emakumearen adinaren eta transferitutako enbrioi kopuruaren arabera. Portzentaia hau handitu daiteke transferentzia atzeratzen bada.

Eragozpenak

  • Lortutako haurdunaldien % 14 anizkoitzak dira.
  • Behin eta berriro huts egiteak kalte psikologikoa eragin dezake.
óvulo